Sanztegiko lamia

Munduan beste asko bezala, behin batean Sanztegiko gizona idiekin omen zebilen soroa lantzen.

Halako batean idiek alde egiten omen diote Lamiñosinera, atzeko arrea eta guzti. Osin horretatik lamia bat ateratzen da arrearen hortzak ileetan trabatuta.

Gizonak esan omen zion orduan lamiari berak mantenduko zuela eta joateko bere etxera. Hala joan omen zen lamia Sanztegira, gizonak esan bezala. Alabaina eginahalak egin arren, ez omen zion hitzik ateratzen. Halako iluntze batean, esnea egosten jarri eta lamia sukaldean bakarrik utziz jaitsi omen zen ukuilura gizona. Esnea gainezka hasi zenean, “txurie gora” deiadar eginez tximiniatik gora alde egin omen zuen lamiak, bere orrazia han utzita.

Hurrengo batean, atzera etorri eta hots egin omen zion Sanztegiko etxekoandreari:

Andra Geaxi;
Ekatzu nire orrazi;
Bestela galduko dittut;
Zure ondorengo azkazi

Orduan Geaxi konfesorearengana joan omen zen zer egin behar zuen jakiteko, eta hark esan omen zion aga edo makila luze baten gainean jar zezala lamiaren orrazia. Horrela egin omen zuen Geaxik, eta deitu omen zion lamiari. Hau etorri omen zen, eta orrazia hartu eta makila bitan puskatuta alde egin omen zuen. Hori hala bazen, sartu dadila kalabazan.

To top