Pertsona Mitologikoak

JENTILAK

Jentilak, kristautasunaren aurreko euskal herritarrak alegia, erraldoiak eta indartsuak dira. Mendian bizi dira eta etsaiei harritzarrak bota ohi dizkiete. Haiek eraiki dituzte, besteak beste, menhinrrak (jentil-arriak) eta cromlechak (jentil-baratzak), baita Euskal Herriko hainbat eliza, zubi eta etxe ere. Mairuak ere esaten zaie. Inork baino lehenagotik ezagutzen dute nekazaritza, eta gizakiari gauza asko irakatsi dizkiote. Horrelako izakiek mitologia indoeuroparrean itzal handia dute.

LAMIAK

Lamiak erreka-zuloetan egoten diren emakume eiteko izaki lirainak dira. Ahate- edo ahuntz-hanka bat dute, ilea urrezko orraziaz atontzen dute eta gizakiak liluratuta uzten dituzte. Grezia eta Erromako mitologian ere agertzen dira.

TARTALO

Begi bakarreko izaki gaiztoa da Tartalo. Haitzuloetan bizi da eta gazteak harrapatu eta jan egiten ditu. Greziako mitologiako ziklopeetan duke jatorria.

BASAJAUN

Izenak berak erakusten digu nor den Basajaun: basoko jauna. Indartsua eta garaia da, eta ilea belaunetaraino iristen zaio. Artaldea zaindu ez ezik, oihu eginda adierazten dio artzainari ekaitza datorrela. Abereak otsoetatik babesten ditu eta gertu dagoenean ardiek zxintzarriak mugitzen dituzte.

SORGINAK

Sorginek akelarre izeneko bilerak egiten dituzte gauez. Katu, asto edo pizti itxura hartzen dute sarritan, eta gorputzaren atal bat falta zaie behin baino gehiagotan (eskua, hanka edo burua). XV- XVII. mendeetan sorginen aurkako hainbat epaiketa egin ziren Euskal Herrian eta auzi horietan guztietan herri-sineskeriak, erlijioa, auzokideen arteko liskarrak eta politika elkarrekin nahasita zeuden.

MARI

Mari jainkosa izadiko erregina da. Gehienetan emakume gorputzarekin eta aurpegiarekin irudikatu da, dotore jantzita (usuenik gorriz). Zuhaitz, arrano, behi edo suzko emakume gisara ere agertzen da. Sugaar da bere bikotekidea. Hainbat menditako leizeetan bizi da (Larrunarri, Murumendi…)

ZEZENGORRI

Zezengorri kobazuloetan bizi den izakia da. Behi edo zezen gorriaren itxura hartzen du eta Mariren bizilekuak zaintzen ditu. Mari bera dela uste duenik ere bada. Ohar bedi zezenak europa hegoaldeko kultura guztian garantiza handia izan duela.

SUGAAR

SugaarMari jainkosaren senarra da. Suge itxura eta ekaitz eta trumoiekin harreman estua du. Besteak beste, gurasoei kasu egiten ez dieten seme-alabak zigortzen ditu.

GAUEKO

Gaueko gauaren jauna da, eta ez dio gizakiari gauez lan egiten uzten. Gauekok gauez balentriak eta apustuak egin ohi dituzten gazteak harrapatu eta berarekin eramaten ditu.

ZOZOMIKOTEAK

Gipuzkoa eta Nafarroako herri batzuetan Martxoaren azken bi egun eta erdiei eta aipirilaren lehenengo bi egun eta erdiei esaten zaie Zozomikoteak. Zozoak kabiak egiten hasten diren garaia da zozomikoteena.

To top