Jentilak  Leizadiko  koban  batean  bizi  zirela,  sekulako  izar  eder  bat  hodei  artean  agertu  omen  zen.  Halako  izarra  ikustean,  jentil  hauek,  erabat  ikaratuta,  munduan  zer  gertatu  behar  ote  zen  ezin  asmaturik  omen  zebiltzan.
Halako batean, koba barnean erdi itsututa zegoen jentil zahar bat ataka aurrera atera zuten, eta pala edo endai baten laguntzaz begiak ireki omen zizkioten, hark izar hura zer zen antzemango ziolakoan. Baita ikusi orduko deiadar egin ere, “Ah, ene umeak: Kixmi jaio da, galduak gara oraintxe! Bota nazazue amildegian behera!” Eta hala hil omen zen jentil zaharra.
Gero, kristautasuna munduan zabaltzen hasi zenean, jentil denak sakabanatu eta berehala galdu omen ziren.
