BERRENOAKO GALTZADA

Berrenoako galtzada izan da Ataungo bide nagusia, XIX. Mendean Lizarrustiko portutik errepdia egin arte. Erromesak, kontrabandistak, lapurrak… denetarik ibili ohi zen galtzada eder honetan, eta horregatik zen ezagun gaizkileen muga bezala. Ziur, sorginkeria kontuak ere garai beretik datozela!

2. Berrenoa ibilbidea

Sorginen aztarnak jarraituz

[Total: 0   Average: 0/5]

Atxurreneko zubia › Berrenoa lepoa › Atxurreneko zubia

Erdi aroko galtzadan zehar garatzen den ibilbide erraza. Gaizkileen mugara hurbilduz eta erromes, kontrabandista eta mandazainen usainean irudimena erabiliz inguruko sorginkeriaz kutsatzeko aproposa, sorginen nondik norakoak gertutik ezagutuz.

  • Altuera min.: 263 m.
  • Altuera max.: 814 m.
  • Desnibela: 543 m. 561 m.
  • Distantzia: 8,340 km.
  • Denbora: 3 ordu.
  • Zailtasuna: Erraza
Ireki/Itxi

1. Atxurrene

XIX. mendekoa da egungo errepidea, Nafarroa eta Gipuzkoa Lizarrustiko gainetik lotzen dituena, eta Agauntza ibaiari jarraitzen diona. Hau eraiki aurretik, ordea, bazen beste bide edo galtzada, ibilbide honetan zapalduko duguna. Atxurrenen hasiko dugu ibilbidea, galtzada gora bidean jarraituz. ATXURRENE Erdi arotik datorren Berrenoako galtzada da, Berrenoako gainetik hona, Atxurrenera jaitsi, eta hemendik aurrera Agauntza ibaia jarraitzen zuena. Erdi Aroan Nafarroa eta Gaztelako erresumen artean izan ziren gatazkak zirela eta, “gaizkileen muga” izenez ezagutzen zen Berrenoako muga inguru hau. Galtzada honetatik igarotzen zen Santiago bidearen adarretako bat ere. Beraz, joan-etorri handiko bidea zen, topa zitezkeelarik erromesak, mandazainak, kontrabandistak, lapurrak,… Baita Sorginak ere! Edo hala diote behintzat inguruko esamesek. Euskal Herrian betidanik sinetsi izan da sorginengan. Gaur egun, batez ere, akelarreekin lotzen badira ere, antzina sorginek gauza onak eta txarrak egin zitzaketen. Apoa, sugea, erratza, akerra… izaki sakratuak ziren, eta emakumeen indarra erakusten zuten. Herritar asko joaten zitzaien laguntza eske: ukendu, sendabelar eta aholku eske, alegia. Sorginak ziren herrietako emaginak, eta, beraz, bizitza eman zezaketen bezalaxe, kendu ere egin zezaketen abortatzearen bidez. Hau aprobetxatuz, mundu magiko hori deabrutu egin zen, beldur eta gorrotoa sortu asmoz, sorginei buruzko alegiak asmatuz. Badira magiadun sorginak, gaiztoak eta zintzoak, ederrak eta zatarrak,… Marimunduko jainkosaren jarraitzaile direnak. Ataunen ere badu bere txokoa Marimundukok, hemen gertuko Agaramundako koban (Atxurrene iparraldeko mendietan) egon ohi dela esaten baita. Bera da Ama lurra, eguzkia nahiz ekaitza noiz bidali agintzen duena. Suzko igitai baten itxura hartuz igarotzen da batetik bestera airean, eta horregatik jartzen da ekaitz egunetan igitaia edo aizkora gora begira etxe-aurrean, tximistarik jaso ez dezan. Badu traturako berezitasunik ere Marimunduko edo Marik, beregandik zigorrik jaso nahi ez bada behintzat: hika egin eta ez zaio bizkarrik eman behar, aurrean den artean zutik egonez. Galtzadak egiten zuen bidea jarraituz aurrera egingo dugu, sorginkeria kontuak entzunez. Hemen gertu bada sorginen elkargune zen zubipe bat; desbidera gaitezen harantz.

Ireki/Itxi

2. Dantzaleku: Mandaibieta

MANDAIBIETA: Dantzaleku Oinpean dugun Mandaibietako zubia sorginen elkargunea da Ataunen. Marimundukoren jarraitzaileak gauero elkartzen dira hemen. Akelarreak dira gauez egiten diren elkarretaratze hauek, non begizko, birao eta bestelako sorginkeriak egiten dituzten, deabruaren ordezkari moduan akerra dutela. Hemen eta mendi urrunetako inguruneetan elkartzen dira gauero, hamabietatik oilarrak kukurruku egin arte, Leitzako Marimur, Olaztiko Mariarroka eta beste hainbeste. Norberaren esku dago sinetsi ala ez, baina gertatu da sorginen izatea zalantzan jarri duten pertsonen desagerpenik ere. Sorginak azaldu eta hala esaten omen zuten: “Ez geala baño bagaittun, Maripetraliñ ez beste guztik hemen gaittun”. Gainera, herrian esaten den moduan. “Izena duen guztia omen da…”. Badaezpada, hobe da badirelakoa sinestea, eta, inoiz topatuz gero, aurre egiteko giltza izatea. Bide horretatik, hainbat babes-aukera ditugu. Jesus hitza aipatzeak, besterik gabe, uxatzen omen ditu. Gurutze bat, ikatza, erruda, apioa eta beste kuttun batzuk ere erabilgarriak omen dira,… Bestalde, nor den sorgin eta nor ez jakiteko, orinik ba ote duen ikusi behar da, sorginek ez baitute izaten. Behatz lodiaz eskumuturra ukitu edo eskumuturra beste eskuko bi hatzez inguratzen badu, berriz, sorgina izango da. Beraz, diren ala ez, nahiz eta sinistu ez, ez direnik ez da esan behar, inguru hauetan badirelako istoriorik ere bai baitago. Hala kontatu ohi zuten Sakana aldeko bi anaien istorioan. Izan ere, Nafarroako Sakanako mandazain bat etortzen zen Ataunera gatza saltzera. Etxez etxe ibiltzen zen lanbide horretan, herritarrei gatza salduz. Behin, Ataunen salmenta lanak luzatu egin zitzaizkion, eta bideari ekin zionean, basora heltzerako ilundu egin zitzaion, eta Berrenoa inguruan gelditzea erabaki zuen, bidea gauez ez egitearren. Gu ere, ilundu baino lehen, goazen Berrenoa aldera, eta ikus dezagun zer gertatu zitzaion mandazain nafar honi.

Ireki/Itxi

3. Dantzaleku: Berrenoa

BERRENOA: Dantzaleku Kontatzen hasi garen moduan, Mandaibieta inguruan, mandazain nafar hari lan-eguna luzatu, eta bidean gautu zitzaion. Ustez hobe beharrean, Berrenoako zelaian, Dantzaleku izeneko zabalean, gelditzea erabaki zuen eguna argitu arte. Leku ezaguna zuen hau, San Pedro egunean ermitan izan ondoren zelai honetara erromeria egitera hurbiltzeko ohitura baitzegoen inguruko herri guztietan. Mandoa bazter batean pago-enborren bati lotuta utzi eta zelaiko beste pago baten lepora igo zen. Hantxe jarri zen gaua igarotzeko; basoko piztien beldurrik ez nonbait. Herriko esaerak dioen moduan, “gaueko hamabitan oillarran orroa, ingurun izangoa sorgin arroa”, Han zegoela, gauerdi inguruan, lagun-talde baten hizketa-hotsa aditu zuen, eta Berrenoako lepora zetozela iruditu. Berehala iritsi ziren sorginak, sail handian, eta dantzari ekin iskanbila batean. Denbora bat igarota, Maripetraliñ agertu zen. Lagun bat hartu eta pago-ondo batean jarri zuen bere alboan, eta hauxe esan zion: – Ba al dakin erregeren alaba gaixo dagoela hiltzeko zorian? – Nik ez – erantzun omen zion besteak. – Ez zekiten askok zergatik dagoen horrela. – Zergatik bada? – Aurreko igandean, neska hau mezatan zegoela, besteei bezala ogi bedeinkatua eman ziotenean, puska bat erori eta azpiko hilobi-harriaren ertzeko zulotik behera ezkutatu omen zuen. Orain zapo batek zeukan eztarrian ezin irentsirik. Zapo horri hori kendu eta holako iturritan garbitu eta gaixoari janarazten badiote, berehala sendatuko litzateke. Berehala oilarrak kukurruku jo zuen eta sorginek bat-batean alde egin zuten. Gaua isilik eta zelatan igaro zuen mandazainak. Ondo ikasi zuen sorginen esana eta, eguna argitzean, pagotik jaitsi, mandoa hartu eta bere herrira itzuli zen. Baita gero erregerengana joan ere. Erregeri kontatu zion Berrenoako inguruetan entzuna, eta erregek egin beharrekoak egin eta alaba sendatu zitzaion. Egindako mesedearen ordainetan mandazaina erabat aberastu zuen erregek. Mandazain horrek bazuen anaia bat ere, istorio hau entzutean mandazain hastea erabaki zuena. Ataundik etxera zetorren batean Berrenoako zelaian gelditu zen, mandoa ezkutatuta eta pago-gainera igota. Gauerdian hasi zen sorgin-bilera eta Maripetraliñ ere azaldu zen: – Ba al dakin erregeren alaba sendatu dela? – Ez. Ea baten bat guri zelatan egoten zaigun… – Baliteke, gero. Begira ditzagun bazterrak badaezpada. Berehala aurkitu zuten mandoa, baita mandazaina ere pago-gainean. Handik jaitsi eta bere mandotik arrastaka sasiz sasi ibili zuten. Eskerrak oilarrak kukurruku jo eta sorginek alde egin beharra izan zutela, bestela ez baitzen bizirik aterako mandazainaren anaia. Eguna argitzean, mandazaina bere mandoarekin elbarri eta herrenka, lanbide horretan aritzeko gogorik gabe itzuli zen etxera Sakana aldera, muga igaro eta San Pedro ermitarantz galtzada jarraituz. Ziur mandazainaren anaia ez zela itzuli ingurumari hauetara, horretarako gogoa kendu baitzioten sorginek! Ingurune misteriotsu hau aztertuz, mugaren albo-alboan trikuharri bat bistaratuko dugu. Goazen bertara gertuagotik ikustera.

Ireki/Itxi

4. Berrenoako Trikuharria

BERRENOAKO TRIKUHARRIA Badirudi ingurune hauetan sorginak galtzada baino lehenagokoak direla. Izan ere, jentiletxe edo trikuharrian ere aurkitu zen kuttun modura erabiltzen zen kuartzo-kristal zati bat. Uste zabaldua da, baita ere, trikuharriak jentilek eginak direnekoa, eta horregatik deitzen zaie jentiletxe. Jentilak kristautasuna onartu ez zuten gizakiak izaki, zer egiten ote du mendebaldeko harlauzan gurutze landuak? Kontuak kontu, orain arte jarraitu dugun galtzadak mandazainak jarraitu zuen bidea egiten du Urdiain eta Altsasu arteko San Pedro ermitaraino, baina guk hemen atseden hartu ondoren, berriro beherako bidea egingo dugu.

Ibilbidearen bideoa ikusi