ATAUNGO DOMOKO IBILBIDEAK

7. Informazio puntua

Aitzarte errekak Domoaren ertzean zabalduriko Arratetako sargunea parez pare daukagu, baita Arratetako harrobi zaharra ere. Kokapen hau, Olatako behatokia bezalaxe, leku oso aproposa da Domoaren ertzeko kareharri geruzen orientazio bertikala ikusteko. Izan ere, itsaspean metatu ziren arrokak kupula eran deformatu eta goratu zirenean, kareharrien geruzak orientazio ia bertikal hori hartu zuten.

DOMOAREN SORRERAREN AZALPENA

Gizakiaren eraginez Arratetako harrobiak paisaia antropizatu duen arren, oraindik ere errekak zabalduriko arroilak duen “V” forma markatua oso nabarmena da.

Harrobiaren gainkaldean dagoen tontorrak Jentilbaratza du izena eta horrek garbi erakusten du paraje hauetako pertsonaia mitologiko garrantzitsuenak jentilak direla. Tontor horretan bertan Nafarroako erreinuaren gaztelu bat existitu zen Erdi Aroko azken mendeetan. Gaztelu txikia zen eta soldadu gutxirentzako lekua bazuen ere, bertatik bailara osoa kontrolatzen zuten. Puntu estrategikoa zen Gaztelako erreinuaren inbasioei aurre egiteko. Horrez gain, inguru honetan kokaturiko hainbat kobetan historiaurreko gizakien aztarna ugari topatu dira. Ukaezina da, egitura geologiko bitxi hau, ondare naturalaren ikuspegitik duen balioaz harago, historikoki jendartearentzat ere leku preziatua izan dela.

To top