ATAUNGO DOMOKO IBILBIDEAK

3. Informazio puntua

Puntu honetan “tupa” izeneko arroka mota aurki dezakegu. Hauek, Domoan azaleratzen diren beste arroken moduan, Behe Kretazeoan pilatutako materialak dira, baina kasu honetan, Domoaren ertzeko kareharriak baino material gazteagoak dira. Izan ere, material guzti hauek pilatu ziren garaian, tupa hauek Domoan bertan agertzen diren arroken gainean metatu ziren.

Tupak, karbonatoaz gain, %40-60 artean buztinez osatuta egoten dira. Bere osaera dela eta, kareharriarekin konparatuz arroka biguina dela esan daiteke, prezipitazioen eraginez askoz ere errazago higatzen delako. Buztin proportzioa altua denez, tupak lurzorua sortzeko arroka emankorrak dira. Horregatik, ez da kasualitatea, arroka mota hau azaleratzen den lekuetan kokatzea baserriak eta hauen inguruko nekazaritza eta abeltzaintzarako lurrak.

Bidearen ertzeko ezpondak oso leku interesgarriak izaten dira arroken ezaugarriak aztertzeko, bestela lurpean leudeken materialak azaleratzen diren guneak direlako. Kasu honetan, oso ondo ikusten da tupen geruzapena. Arrokan ikus daitezkeen xafla horiek, metakin horiek itsaspean nola pilatu ziren erakusten dute. Deigarria da, ordea, geruza hauen orientazioa, hauek erabat inklinatuta daudelako. Itsaspean sortu ziren arroka hauek ez ziren horrela pilatu. Dekantazioz metatzen direnez, bere garaian horizontalean pilatu ziren, hondoarekiko paraleloki, baina geroztik jasandako indarren ondorioz deformatu eta okertu egin dira. Ataungo Domoa eta Euskal Herriko beste mendiak goratzea eragin zuten esfortzuek tupa hauek ere mugiarazi zituzten.

To top