ATAUNGO DOMOKO IBILBIDEAK

1. Informazio puntua

Ataungo Domoan eta inguruetan iturburu ugari badaude ere, Aiaiturrieta hauen artean garrantzitsuenetakoa da, zalantzarik gabe. Leku hau kokatzen den parajearen edertasunaz harago, hidrogeologiaren ikuspegitik balio handiko ur begia da Aiaiturrietakoa. Hori ulertzeko, ezinbestekoa da gurean uraren eta arroken arteko harremana ezagutzea.

Aiaiturrietako iturburua elikatzen duten mendietan kareharria nagusitzen da. Arroka hau, batez ere, orain dela milioi urte asko existitu zen itsaso batean bizi ziren animalien karbonatozko egitura gogorren pilaketatik sortu zen: moluskuen oskolak eta koral zatiak, besteak beste. Horregatik, gehiengoa kaltzio karbonatoak osatzen du eta buztin-mineralen proportzioa oso txikia da. Kareharria arroka mota gogorra izan arren, urak honen kaltzio karbonatoa disolbatu egiten du. Disoluzio honek arrokak dituen pitzadura eta poroei eragiten die arrakalak sortuz, besteak beste. Gertaera honen ondorioz sortuak dira inguru hauetan aurki ditzakegun koba eta leizeak, baita barrunbe hauek osatzen dituzten lurpeko galeria kilometrikoak ere. Egitura geologiko hauen multzoari “karst” esaten zaio.

Prezipitazioen ura arroken poro eta arrakaletan barrena, lurpera infiltratzen da. Lurpeko putzu eta galeriek gainazaletik datorren ura garraiatzeko gaitasuna duten arren, karstaren benetako garrantzia arrokan bertan dago. Izan ere, kareharriak dituen poro eta arrakala txikietan gordetzen da ur kopuru handiena eta ur hau arroketan barrena oso poliki mugitzen denez, arrokek ura gordetzen dutela esan daiteke. Horixe da, hain zuzen ere, akuiferoen funtsa. Euria edo elurra noizean behin egin arren, edota lehorte aldi luzeak izanda ere, arroketan barrena poliki-poliki mugitzen den ur hori jariatzen jarraitzen dute Aiaiturrieta bezalako iturburuek. Horregatik, karstak uraren erregulatzaile lana egiten duela esaten da.

Hemen jaiotzen diren urek kilometro askotako bidaia egin dute lurpean. Hidrogeologiako azterketak egin dituzten zientzialariek, uraren lurpeko ibilgua jarraituz eta ikertuz egindako lanari esker, Aiaiturrietako iturburuan azaleratzen diren urek egiten duten bidea ezagutzen da. Horri esker, badakigu, hemen azaleratzen diren uren zati bat Aralarko goi-mendietatik datorrela, Nafarroan kokatzen diren Pagomari eta Ormazarreta inguruetatik, hain zuzen ere. Hona bidean, Akaitz inguruko urak biltzeaz gain, Lareo ondoan kokatzen den Ubeiko leizeko emariak ere batzen zaizkio. Azkenik, Aia aldera gerturatuz, Ataungo Domoko Agautz eta Leizadiko urak ere biltzen direla uste da, Aiaiturrietan azaleratu arte.

Aiaiturrietak berrehun litro segundoko emaria du batezbeste eta honen zati bat herritarron ur-hornidurarako erabiltzen da. Gainerako ura iturburuaren izen bereko errekara isurtzen da.

Prezipitazio ugariak diren garaian ur goraldia gertatzen da eta Aiaiturrietako urek, iturburu honetatik zertxobait gorago dagoen Ubeizuloko kobatik ere gainezka egiten dute, denera bi mila litro segundoko emariak izatera iritsiz. Ubeizuloko koba normalean lehor egoten den arren, bisitatzeko leku benetan ikusgarria da. Gainera, ur-goraldi garaian joan eta kobatik ura jariatzen ikustea, ikuskizun zoragarria da.

To top