ATAUNGO DOMOKO IBILBIDEAK

6. Informazio puntua

Domoaren ertzean kokatutako tontorrak primerako behatokiak dira egitura geologiko bitxi honen koroa formako ertza ikusteko. Paisaia behatuz gero, Domoa osatzen duten arroka mota ezberdinen ezaugarriek erliebean izandako eragina oso ondo ikus daiteke. Domoaren barruan eta kanpoan aurki daitezken material buztintsuak, Domoaren ertzeko kareharriak baino biguinagoak direnez, hauek gehiago higatu dira eta erliebe baxuagoa eman dute. Horregatik gailentzen dira, nabarmentasun handiz, ertzeko kareharriak.

DOMOAREN SORRERAREN AZALPENA

Domoaren barrualdeko gainazaleko urak biltzen dituzten Kobatxo eta Aitzarte errekek kareharrizko ertzean sorturiko arroilak non dauden ere erraz identifika daiteke. Erreka hauek, aldi berean, Domoaren barru aldeko erliebea moldatu dute eta hauek eragindako hustutze prozesua nabaria da. Bi erreka nagusi horiek gehien higatu dituzten bi eremuen artean, parez pare ikus daitekeen Bedamaburuko tontorra dago.

Agautzen dago gainera, Domoko punturik altuena eta primeran ikus daitezke honen ertzeko gailur nagusiak: Leizadi, Aizkaizto, Muñoaran, Loibeko mailoak, Jentilbaratza, Aizkoate, Intzartzu eta Arastortz. Honek, Domoa bera ezezik, inguruko mendi nagusiak behatzeko panoramika aparta eskaintzen du. Bertatik ikusten dira Aratz, Aizkorri, Anboto, Izarraitz, Ernio, Aralar eta Beriain, besteak beste. Bertatik bertara dago, baita ere, Enirio-Aralar Mankomunitateko lurretan dagoen Lareoko urtegia ere.

Tontorraren hego-mendebaldeko harkaiztira gerturatuz gero, “geruzapen gurutzatu” izenez ezagutzen den egitura sedimentarioa beha daiteke. Arroka sedimentarioak metatzerakoan, denak aldi berean pilatzen ez direnez, garaian garaiko geruzak hondoarekiko paraleloak izan ohi dira eta hauen lodiera aldatu egiten da. Kasu honetan, gainera, lodiera aldakorreko geruzak ditugu eta hauetako bakoitza arretaz aztertzean, barruko geruzapenak oinarekiko angelu bat erakusten duela ikusten da, elkarrekin gurutzatuz. Egitura berezi honek, material hauek energia handiko itsaspe batean metatu zirela adierazten du. Itsasoko energiaz hitz egiten denean, honek bertako uren olatu, marea eta korronteei egiten die erreferentzia. Beraz, geruzapen gurutzatu egitura honek, itsaso hartan uraren norantza aldaketak zeudela adierazten du (marearen igoera eta jaitsierak).

To top