ONDAREA HISTORIKOA

Kablea

Herri gutxitan garatu zen, orografiari loturiko sistema baita. Ataunen, berriz, indar eta estimazio handiko aurrerapena izan zen. Gaur egun belarretarako erabiltzen da. 1996an egindako ikerketa lanean, 197 kable zerrendatu ziren; hauetatik, gaur, 32 daude zutik eta 17 besterik ez dira erabiltzen. Izan ere, 1950. hamarkadan traktore moduko sistemak hedatu ziren baserritarren artean, eta industrializazioarekin batera pinua sartzean, kablearen erabilera gutxitzen joan zen.

Baserriko lana errazteko sortu zen garraio-sistema da kablea. Ataungo herria, Agauntza ibaiak eta bere ibaiadarrek hustu duten haran estu batean dago; oso distantzia laburrean malda handiak daude. Herriaren kokapen malkartsu hau dela eta, baserri gehienak mendi-hegaletan kokatzen dira, auzuneak osatuz, eta belarra, orbela eta abar mendi gainetatik jaitsi behar izaten zuten, nola edo hala. Garai batean, zalditeriaren edo baserritarren bizkarrean ahal moduan jaisten zuten beharrezko lehengaia goietatik, ez baitzegoen artean gurdibiderik. Horrela izan zen XX. mende hasiera arte, 1920. hamarkada inguruan hasi baitziren ataundarrak kablea erabiltzen, baserriko lana erraztu asmoz. Ondo uztartu zen kablea ataundarren bizian, nekazal produktuen garraio-sistema nagusia izatera iritsi arte, bertako aldapa handiak aprobetxatuz. Horrenbestekoa izan zen kablearen arrakasta, kablelari ofizioa ere sortu zela.

To top