ATAUNGO DOMOKO IBILBIDEAK

2. Informazio puntua

Altitudean oso goian ez bagaude ere, dagoeneko Domoaren forma zirkularra nahiko ondo antzeman daiteke. Ezker aldean Aitzarte errekak Domoaren ertzean zabalduriko Arratetako sarbidea ikus dezakegu. Honen gainean dagoen Jentilbaratzako gailurraren gainean, Aizkoate eta Intzartzuko gailurrak daude. Parez pare daukagun maldak Domoaren mendebaldeko hegala osatzen du. Ikuspegi honetatik ikusten ez bada ere, beste aldetik amildegi itzelak dituzten Loibeko mailoak daude bertan. Hegoaldera jarraituz, Kobatxo errekak zabalduriko arroila ere ikus daiteke. Ertz horri jarraituz Leizadi eta Agautz mendiak daude.

Ataungo Domoa egitura geologiko oso bitxia da. Gogortasun ezberdinetako materialen txandakatze bat bi tolesen arteko interferentzia baten eraginez, kupula eran deformatu zen. Egitura hori, higaduraren eraginez, desegiten joan den heinean, barruan eta kanpoan topa daitezken material biguinak gehiago higatu dira. Honek, kareharriek osatzen duten geruza gogorrena gailentzea eragin du. Horra hor parez pare dagoen koroa formako kareharri horiek nagusitzearen arrazoia.

DOMOAREN SORRERAREN AZALPENA

Kareharria, arroka gogorra izan arren, euri uraren eraginpean disolbatu egiten da. Disoluzio honek arrokak dituen pitzadura eta poroei eragiten die arrakalak sortuz, besteak beste. Gertaera honen ondorioz sortuak dira eremu honetan aurki ditzakegun koba eta leizeak, baita barrunbe hauek osatzen dituzten lurpeko galeria kilometrikoak ere. Egitura geologiko hauen multzoari “karst” esaten zaio. Domoko ertzetan 200 koba eta leize baino gehiago daude eta hauetan aurkikuntza oso garrantzitsuak egin dira, arkeologia nahiz paleontologiaren ikuspegitik.

To top