ONDAREA HISTORIKOA

Artzainen saroiak

Artaldeak biltzeko eta gauez babesteko tokiak dira saroiak. Bertan izaten dira txabolak, artzainen bizi-toki, udaz mendi-larreetara igotzen direnerako.

Toki babesean egon ohi dira saroiak, haizerik indartsuenetatik gordetzeko eran, sakonuneren batean, harkaitzen baten ondoan. Saroi bakoitzak, txabola bat edo gehiago izan ohi ditu bere muga barruan, artzainen bizitegi; baita beste gauza gehiago ere: arditegiak, baratzak, eskorta edo ardiak jezteko tokia, e.a. Euskalerrian zehar askotariko artzainen saroiak garatu dira; guri Ataun eta Aralar aldekoak interesatzen zaizkigu. Inguru hauetan, egun teilaz estalia dute gaina, baina garai batean hori debekatua zutenez, zotalezkoa zuten, isuri bikoa eta aldapa handirik gabea. Gailurraren azpian dute sarrerako atea, eta leihorik ez. Txabolak hiru zati izan ohi ditu: sartu eta lehen zatia “estalpea”, sukalde funtzioa du, eta gaztagintzako tresnak ere gordetzen dituena. Ondoren lo-gela izan ohi dute, txilarrez egin ohi zelarik ohea. Azkenik, gaztandegia, oholez edo oihalez estalia. Harrizko hormak dituzte, eta zola edo hondoa oinpean tinkatutako lurra besterik ez da askotan; batzutan harlosak edo oholtza izan dezakete. Txabolaz gain, izaten dute ere eskorta edo jeztoki deritzon itxidura harrizkoa, artaldea gauez bertan zaintzeko eta jezteko ere balio duena.

Garai bateko saroien arrastorik bada oraindik Ataunen. Agautz aldera inguratuz gero, bertan dira txabola eta eskorta bat baino gehiago inguru paregabean.

To top