2. Informazio puntua
Ibilbidearen puntu honetan kareharria azaleratzen da. Hauek ere Behe Kretazeoko materialak dira, Aptiar garaikoak, orain dela 120 milioi urte ingurukoak. Arroka hau, batez ere, itsaspean bizi ziren animalien egitura gogorren pilaketatik sortu zen: moluskuen oskolak eta koral zatiak, besteak beste. Horregatik, oso buztin-mineral gutxi dauka, %1-3 artean. Gainontzekoa, kaltzio karbonatoa da. Bide inguruko arrokak arretaz begiratuz gero, bizidun haien fosilak aurkituko ditugu. Eremu honetan, batez ere, errudista fosilak daude, errekienido motakoak, hain zuzen ere. Molusku hauen oskolen forma kolore ilun deigarri batez nabarmentzen da arroketan, horregatik, nahiko erraz atzeman daitezke.

Informazio orokorra: Domoko fosilak
Kareharria,  Domoaren  barruan  eta  kanpoan  aurki  ditzakegun  material  buztintsuak  baino  gogorragoa  denez,  nekezago  higatzen  da.  Hori  da,  Ataungo  Domoan  kareharrizko  ertza  gailentzearen  arrazoia.
Lehen  aipatu  den  moduan,  kareharria,  arroka  gogorra  izan  arren,  euri  uraren  eraginpean  disolbatu  egiten  da.  Disoluzio  honek  arrokak  dituen  pitzadura  eta  poroei  eragiten  die  arrakalak  sortuz,  besteak  beste.  Gertaera  honen  ondorioz  sortuak  dira  eremu  honetan  aurki  ditzakegun  koba  eta  leizeak,  baita  barrunbe  hauek  osatzen  dituzten  lurpeko  galeria  kilometrikoak  ere.  Egitura  geologiko  hauen  multzoari  “karst”  esaten  zaio.
Honen  adierazle  da  kareharria  azaleratzen  den  eremuetan  aurki  daitekeen  “lapiaz”  edo  “lenar”a  ere.  Aurrez  esan  bezala,  kareharria  euri  uraren  eraginez  disolbatzen  denez,  honek  lurrazalean  ikusten  dugun  arrokak  forma  oso  irregularra  izatea  eragin  dezake,  gainazalaren  orientazioaren  araberako  lapiaz  mota  ezberdinak  sortuz.  Uraren  irristadura  zenbat  eta  plano  bertikalagoan  gertatu,  lenar  horiek  ildaska  luzeak  izango  dira,  jarraiak  eta  paraleloak.  Aldiz,  gainazal  horizontal  batean  garatuz  gero,  “kamenitzak”  deitzen  diren  putzutxoak  sortzen  dira.  Horregatik,  lapiazaren  ezaugarriak  aztertuz,  disoluzioa  gertatu  zen  momentuan  arrokaren  gainazalak  euri  urarekiko  zuen  orientazioa  ezagutu  daiteke.

Aurrez aipatu den moduan, arroka honek oso buztin gutxi dauka, eta beraz, lurzorua oso nekez sortzen da. Izan ere, prezipitazioen eraginez higaturiko arrokaren zatirik handiena urak berak disoluzio moduan eramaten du. Lurzoru eskasa izateaz gain, euri urak azkar infiltratzen dira arroken pitzaduretatik eta horrek nahiko leku lehorra izatea eragiten du. Hori guztia gutxi balitz, Domoko ertzen orientazioak leku epelak izatea eragiten du eta kareharriek ongi eusten diote eguzkiak emandako berotasunari. Horregatik, eremu honetan artadi kantauriarra aurki dezakegu. Berez artadia klima mediterraneoko baso bat izan arren, aurrez aipaturiko ezaugarri guztiek baldintza aproposak eskaintzen dizkiote baso mota honi.






